2013(e)ko azaroaren 20(a), asteazkena

Winchester

Herri hontako kaleetan nabaritzen den giro familiarra ikaragarria da. Isila dela pentsa daiteke, baino hori baino, lasaia dela esango nuke. 

 Bertako jendearen izaera onberatsuarengatik, herriaren xarmantgarritasunarengatik edo orokorrean Ingalaterrako kulturagatik, herri zoragarria da, utopikoa. Bertako kaleetan egondako denbora luzean ez nuen ohiurik ezta doinu txarrik entzun, ume txiki batengandik ere ez. Leku arrunta da, baina oso polita, bere merkatua eta tren geltokia dituelarik. 

 Harira etorriz, Winchesterrera heltzerakoan dena ezezaguna egiten zitzaidan. Batez ere gogoratzen dudana eguraldia hemengoa bezalakoa zela da, eta asko gustatu zitzaidan detaile bat: Eraikin askotan eskegirik zeuden lorontziak. Hainbat kolore eta usain ezberdinetako loreak zeuden leku askotan, eta horrek berezko nortasuna ematen zion herriari. Han egotean, nik behintzat, etxean nengoela sentitzen nuen, deskribatzeko gai ez naizen zerbaitegatik. Kaleetako giroa aparta zen nire gustorako: lasaia, atsegina, polita, pozgarria, baina era berean seriotasun ukitu batekin. Jendea giroarekin bat zetorren, eta nahaste hau izan daiteke nire egonaldian sentitutako erosotasunaren arrazoia. Hainbat denda zeuden, baina gehienbat janaria erostera joaten ginen, ez baitgenuen oso gustuko ostatatzen ginen erresidentziako janaria (batere gustuko, egia esanda). Denok, atsegin berezi bat sentitzen genuen Pound Land deituriko denda batengan. Hori bai denda zoragarria! Dena Pound batera (1,19 euro inguru) saltzen zuten. Ur txanbiletatik bonboi kaxa izugarrietara. Benetan maite nuen hura. Asko atsegin genuen beste leku bat Shake Away irabiaki denda zen. Hango edari bat bakarrik dastatu nuen, gustuko nuen, baina apur bat desengainatuta gelditu nintzen, aurretik joandakoek sekulako laudorioak botatzen baitzizkioten, eta nire ustez, ez zen hainbesterako. Baina, dena den, ikaragarri originala iruditu zitzaidan. Salmahaiaren atzean hainbat eta hainbat gozoki zituzten: Mars txokolatea, Ferrero Rocher, Kinder... Nahi zenuena aukeratu ahal zenuen zure irabiakirako. Horrexegatik ondo pentsatuta eraman behar zenuen, seguruenik txarto aukeratuz gero huts egin handia jasoko zenuke eta. Azkenik, denok ezagutzen dugun Starbucks-a ere bazegoen. Zer esan honetaz? Asko gustatu zitzaidala, entzunez bakarrik ezagutzen baitnuen. Aurreko hirurak gehien bisitatzen genituenak ziren, baina beste hainbat ere bazeuden. Eta goraipazekoa da, hasieran esandako giroaren atsegintasuna hauetan ere igertzen zela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina